XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Horregatik, krisipean dago teatroa.

Bai, dio Ionesko'k, krisian eta arriskuan dago, ta hau zenbait arrazoigatik, haietaz gaiñera: teatrogilleak teologi-mota guztietako apostoluak izan ditezela nahi da (ta honekin beren askatasuna galtzen dute) edo ez dezatela eraso ta kontra egin; ez gerizatu, edo hau edo bestea irakastera behartuak daude.

Apostolu ala bedel; hau da aukera, ez da besterik.

Hau dana behar du barreiatu vanguardiak.

Esan genun azkeneko JAKIN'en, nola, Ionesko'ren gardiz, askatasunak eta berritasunak elikatzen duten vanguardia.

Iritzi honen arabera, teatro-modu zahartu honen aurka jarri beharko du vanguardiagilleak beti, askatasunaren aldetik: ezin baidezake dogma ta larderiarik onartu; ta berritasuna duelarik lege: edozein kopiatzeari gorroto bizia diolako.

Beraz, ez apostolu ta ez bedel.

Ioneskorentzat (nik uste...) teatrora ideologi baten defenditzera doazenak, aitzaki-lekutzat hartzen dute teatroa, beren ideiak gerizatzeko toki bat.

Okerrezko bidetik doaz, aurretiaz baidute holakoek askatasuna kateaturik.

Ideia-lapur eta bedel dira kasurik onenean.

Behin ere ez artista.

Askatasuna hain goraturik, ideia gabeko teatroa nahi ote luke, ba, Ionesko'k?.

Ez da horrelakorik.

Ezezkoaren argibidetzat, hara hemen bere hitzak: Egia da, arte-egintza batek ideiak ditu bere baitan; baiña bera bizitza edo bizitzaren adierazpena danez, ideiak heurak sortzen dira handik, eta ez bera ideologiatik.

Ba du berexte honek garrantzia, eta inportantzi hau aisago somatzen dut Ionesko'ren teatroa ikusi ta gero.

Zerk gidatu behar du antzezlariaren egintza? Ideiak ala bizitzak?.

Ionesko antiintelektualista da.

Labur: bizitza ez da ideologiaren seme, ta bai alderantziz.

Hori probatu nahi du Ionesko'k bere teatroarekin: biziera bat hapening (bat) jartzen du antzokian ta handik salatzen dituzte ideiak parra-parra.

Hori da artea.

Bestea politika da.

Eta artea ta politika: ezkongaitzak ezezik alkar ukatzailleak ere ba dira.

Erruki gabe epaitzen du sasiezkontza hau Ionesko'k.

Gogora diteke nola gogorrean hartu zituan Sartre, Osborne, Arthur Miller ta holakoak, politikarien berriak baiño ematen etzigutela-ta.

Ionesko bera bizitzari egokitua dago, ez ideieri.

Esan zuan nola agertzen zitzaion mundua nahi zuala jakin ta horixe adierazi bere subjetibotasunean testigu objetibu bat izanik.